Espainiak askatasunean 50 urte bete dituela ospatzeko Ordezkaritzak, 'Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia' programazio berezia antolatu du Donostia Zinemaldiaren barruan
prentsa oharra:
Donostia Zinemaldiak eta Espainiak askatasunean 50 urte bete dituela ospatzeko ordezkaritzak euren lankidetza-hitzarmena berritu dute aurten. Hitzarmen horren medioz, programazio zabala antolatu dute, besteak beste, RTVEren dokumental Cuelgamuros. Entre lo difícil y lo imposible eta Fernando Ruiz Vergararen Rocío (1980) —Trantsizioan zentsuratutako ez-fikziozko film berreskuratua— estreinatuko dituena. Haren emanaldia podcast batek eta Caja de resistencia dokumentalak osatuko dute.
Aipaturiko lankidetzaren ondorioz, Zinemaldiak eta Ordezkaritzak Zinemaldiko hainbat sailetan bildutako hamabost bat film aukeratu dituzte, eta Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia zigiluarekin emango dira. Horien emanaldiak bide emango dio hainbat gairen inguruko eztabaidari: immigrazioa, adingabeen eskubideak, eskubide zibilak (orokorrean), nazismoaren ondoren demokrazia iristea Europara, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideei buruz. Zigiluarekin gomendatutako filmen artean, urteko ospetsuenetako batzuk nabarmentzen dira, hala nola Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La bola negra eta Pavel Pawlikowskiren Fatherland, Daniel Monzónen Ruega por nosotrasen eta beste obra batzuen estreinaldiak ahaztu gabe. Programazio horretako emanaldi askotan zuzendariak eta ekipo artistikoak edo landutako gaietako adituak egongo dira, Zeinu-hizkuntzaren bitartekotza- eta interpretazio-zerbitzua ere egongo da.
'Cuelgamuros', Europako hobi komunik handiena
Akordio horren arabera, Donostian estreinatuko da Cuelgamuros, entre lo difícil y lo imposible filma. RTVEren dokumentalak Gerra Zibileko biktimen gorpuak haien familiek erreklamatuta ateratzeko prozesua kontatzen du lehendabizikoz. Frankismoaren aginduz eta senide askoren nahiaren aurka, biktima horiek Europako hobi komunik handienean lurperatu zituzten, Cuelgamuros Haranean. Dokumentalean familiek eskatuta gauzaturiko lan forentsea jasotzen da, lanetan parte hartzen duten espezialistez osatutako batzorde zientifiko aholkulari batez lagunduta, eta memoria demokratikoaren politika bideratzen duten printzipioen balioa nabarmentzen da: egia, justizia eta erreparazioa.
'Rocío', zentsuratutako azken filma
Aipaturiko lankidetzari esker, hiru jarduera antolatu dira Rocíoren inguruan; Fernando Ruiz Vergarak 1976 eta 1978 artean filmatu zuen El Rocíoko Ama Birjinaren erromeriari buruzko dokumentala, eta 1980an estreinatu zen. Filmak Almonte eskualdean (Huelva) bizitako errepresio frankistaren inguruko testigantzak biltzen ditu, José María Real Carrasco han gauzatutako ehun hilketaren (99 gizon eta emakume bat) arduraduna zela adierazten zutenak.
Rocíoren bertsio osoaren emanaldia. Filma judizialki zentsuratu zuten estreinatu eta gutxira. Ondorioz, zuzendariak Portugalera erbesteratu behar izan zuen eta hori oztopo latza izan zen zinemagilearen ekoizpenerako. Lau hamarkada baino gehiago geroago, Donostian bertsio osoa emango da. Kontuan izan behar da iaz jada Zinemaldian egin zela zinema-erreparazioko ekintza bat, Ordezkaritzak eta Zinemaldiak Basilio Martín Patinoren Canciones para después de una guerra filmari omenaldia egin baitzioten.
Zuzeneko podcasta. Rocíoren bertsio osoaren emanaldiarekin batera, Jornaleros. Cara A: Rocío zuzeneko podcasta egingo da. Isabel Cadenas Cañón kazetaria izango da arduraduna, De eso no se habla telesailean bildutako lan honengatik Ondas saria jaso duena.
Caja de resistencia. Alejandro Alvarado eta Concha Barqueroren Caja de resistencia ere emango da, Rocíoren zentsura judizialaren ondoren Fernando Ruiz Vergarak amaitu gabe utzitako proiektuetan oinarritutako dokumentala, hain zuzen.
Demokrazia gauzatzea
Halaber, El género de la democracia —Cecilia Barrigak zuzendu eta 2025 eta 2026an filmatutako dokumentala— emango da, Espainiak askatasunean 50 urte bete dituela ospatzeko Ordezkaritzaren eta Espainiako Gazteriaren Institutuaren (Injuve) baterako ekimenez. Bertan, Espainia osoko 40 gaztek baino gehiagok kameraren aurrean hausnartzen dute bizitzea tokatu zaien sistema politiko eta sozialaz, etorkizun kolektiborako nahiez eta bete gabeko promesez. Emanaldia Zinemaldiko Pentsamendua eta Eztabaida jardueren esparruan kokatzen da, eta, bukaeran, solasaldi bat egingo da zuzendariarekin berarekin eta dokumentalean parte hartzen duten gazteen talde batekin, edonori irekitako saio batean, eta lehiaketako epaimahai gazteko kideak ere gonbidatuko dira hara.
"Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia" zigiluarekin gomendatutako filmak
Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia zigiluak hainbat film bilduko ditu, eztabaida sustatzeko ez ezik, demokraziaren berezko balioak hainbat ikuspuntu eta gaitatik defendatzen dituzten pelikulak gomendatzeko ere bai. Halakoak dira, adibidez, Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La bola negra —Perlaken film esperatuenetako bat— da, Federico García Lorcaren izen bereko obra amaitu gabean inspiratua. Film honekin, Ambrossi eta Calvok zuzendari onenaren saria lortu zuten Cannesen, ex aequo, Pawel Pawlikowskirekin batera, Fatherland filmagatik. Izan ere, Pawel Pawlikowskiren lan hori ere zigiluarekin gomendatuta dago, eta Thomas Mannek eta haren alabak gerraosteko Alemanian egindako bidaia kontatzen digu. Hauek dira hautatutako beste perla batzuk: Christian Mungiuren Fjord (aurtengo Urrezko Palma Cannesen) —itxuraz adiskidetu ezin den mundu bateko balio kolektiboei buruzkoa— eta Lukas Dhonteren Coward (gizonezko interpretaziorik onenaren saria, ex aequo bi protagonistentzat, Cannesen).
Sail Ofizialetik, berriz, hauek hautatu dira: Daniel Monzónen Ruega por nosotras, Emakumearen Babeserako Patronatuan —"erori diren edo erortzeko arriskuan diren emakumeetan" espezializatutako instituzio frankistan— barneratutako bi neska neraberen adiskidetasunari buruzkoa; eta Michaël R. Roskamen Le faux soir, Zinemaldiari amaiera emango dion filma. Bestalde, Horizontes Latinosek El deshielo filmaren Espainiako estreinaldia hartuko du (Manuela Martellik Cannesko Un Certain Regarden parte hartu zuen film horrekin). Beste obra gomendagarri batzuk Zabaltegi-Tabakalera sailekoak dira: Meritxell Colellen Lejos de los árboles (FIPRESCI eta film onenaren Boccalino d'Oro sariak Locarnon 2026an); Igor Legarretaren Inurri Itsuak, mundu-estreinaldi gisa emango diona hasiera Zinemirari, eta Manuel Menchónen La voz quebrada, RTVE Emanaldi Berezi gisa emango dena.
Gainera, bigarren hezkuntzako ikasleek hiru emanaldi berezi hauetara joateko aukera izango dute:
- La bola negra, Javier Calvo eta Javier Ambrossirena, memoria historikoa, LGBTIQ+ kolektiboaren eskubideak eta Lorca aldarrikatzen dituen filma, Espainiako Gerra Zibiletik gaur egunera arte kokatua.
- Este cuerpo mío, Made in Spain sailekoa, Afioco Gneccok eta Carolina Yustek zuzendua, Rafaelen genero-trantsizioko prozesuaren lehen urteetan adiskidetasunean babesleku bat aurkituko duten bi gazteren istorioa kontatzen diguna.
- La patria de los heladeros, Maite Vitoria Danerisena, Made in Spainen ere agertzen dena eta kontatzen diguna nola egun batean Espainiako herritarrek Europako beste herrialde batzuetara emigratu zuten.
Dibulgazioa eta herritartasun kritikoa
Donostia Zinemaldiaren eta Espainiak askatasunean 50 urte bete dituela ospatzeko Ordezkaritzaren arteko lankidetza urtarrilaren 7ko 1/2025 Errege Dekretuan Ordezkaritzari esleitutako eginkizunen barruan kokatzen da, askatasunen konkista ospatzeko eta demokrazia finkatzeko (Espainiako gizartearen lorpen historiko esanguratsuena den aldetik), baita gure demokraziaren ibilbidea eta askatasunen alde borrokatu zirenen sakrifizioak ezagutarazteko ere, 20/2022 Legeak memoria demokratikoaren politikaren laugarren ardatz egituratzaile gisa ezartzen duen "oroimen-eginkizuna" betez.
Horrez gain, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak memoria demokratikoari buruzko informazio-, dibulgazio-, prestakuntza- eta gaikuntza-ekintzak bultzatzeko dituen eginkizunen barruan kokatzen da, hau da, herriaren subiranotasuna askatasunen aldeko borrokan, konstituzionalismoaren sorreratik diktadura amaitu arte. Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legeak jasotzen duen bezala, memoriari buruzko politika publikoek gizarte zibilaren nahiak jaso eta bideratu behar dituzte, herritarren partaidetza eta hausnarketa soziala sustatzeaz gainera, indarkeria intolerantea eta fanatikoa jasaten duten biktima guztien duintasuna konpondu eta aitortu beharra ahaztu gabe. Horrela, oroimena elementu erabakigarri bihurtu behar da irekiak, inklusiboak eta pluralak izanik joera totalitarioak edo antidemokratikoak detektatzeko eta desaktibatzeko gai diren herritarrak sustatzeko.
.jpg)
Comentarios
Publicar un comentario